Testuak
Nieves Beloki Ros
2014ko uztailaHalako borroka batean murgildurik gaude non teknologiaren eta irudiaren indarrak errealitatea eraikitzen baitu. Nahitaezko erreferente dugun Walter Benjaminek, jadanik Gerra Handiaren azterketan, ohartarazten zigun “zer desoreka ikaragarria dagoen batetik teknikaren baliabide izugarrien eta bestetik horien gainean egiten den azalpen moral ezdeusaren artean”. Bizirauten dugun borroka honetan, kosta egiten zaigu jakitea zergatik gauden bertan, zein den gure eginkizuna, baita zein aldetan gauden ere.
Garai ankerra dugu hau, bistan da, baina gizateriaren historiaren kapitulu interesgarria ere bai, baldin eta norbera gauza bada ikusle huts izaten jakiteko. Testuinguru honetan galdegin daiteke zer eginkizun duen Arteak, ez ote duen arriskua egitura ero honetako tramankulu bihurtzeko, beste goxoki bat, haurren gose eutsiezinez irentsi beharrekoa. Erreferenteetara itzulita, Goethek zioen “Artea da bitartekorik seguruena bai mundutik isolatzeko bai hartan barneratzeko”.
Artista bakoitza bere dituen armekin barneratzen da munduan, Juan Moreno koherentziaz baliatzen da bere sormen prozesuan ikertzeko. Eta ez da kasualitatea baliabide nagusi izatea Urrezko Sekzioa edo Jainkozko Proportzioa. Harmonia, kaosari erantzuteko. Eta koherentzia diot, izan ere, era guzietako apaindura edo sirenen kantuei ihes eginik, Juanek hamar urte baino gehiago daramatza sakontzen Zatiketak proiektuaren potentzial plastikoan eta bertsioetan.
Proposatzen digu jostaketa moduan hurbildu gaitezela bere pinturara, hala gustatzen baitzaio. Nik erantsiko nuke dualtasun jostaketa dela. Bere hasierako erakusketako zuriak eta beltzak koloreari ematen diote txanda, jostaketa natural bat bezala, biziak berak egiten duen bezala, esperientzia berrien aurrean. Zatiketak-en murgildu gaitezke hala abstrakzio geometrikotik nota sentipen subjektiboetatik, hala kalkulutik nola intuiziotik, bolumenetik nahiz hustasunetik, kontroletik nahiz jariatzetik, berotik nahiz hotzetik, soinutik nahiz isiltasunetik. Betiere subkontzienteki sentitzen dugula dena ordenan dagoela, dena bakean, proportzio harmoniko bati jarraikiz.
Jostatzera ausartzen bagara, Zatiketak 2.0-k itxuraz azaltzen dituen dikotomiak agertuko zaizkigu errealitate integratzaile eta dinamiko baten bi aldeak bezala. Bada elkarbizitzarako tartea. Juanek bere proiektua eskaintzen die munduan sufritzen ari direnei, Zatiketak 2.0 izaki guziei dago eskainia.
Félix Ortega
Iruñea, 2004ko azaroaXXI. mendean sartu gara burua XX.era itzulia dugula. Iragandako garaiko arazo eta gatazkak beste arazo batzuk bihurtu dira, aurrekoak bezain larriak.
XX. mendea akats hunkigarri eta odoltsu gisa defini dezakegu; ideiak itoak eta eragotziak gelditu dira praktikan jarri diren unetik beretik.
Malevitchek “Beltza zuriaren gainean” koadroa margotzen duenean, tradizio klasikoaren atetzarra bota eta estetika eta ideia berrietarako bidaia liluragarri eta motza hasten da, bidaia erradikal eta konstruktiboa, erabilgarri eta eraldatzailea. Saiakera zapuztua, nahitaez eragin diguna; inoiz ezin da atzera itzuli, denborak bere burua ordezkatzen baitu zorrotz.
Pentsamendu modernoaren gurasoak, guztiak, hilik daude aspalditik; orain dagokigu beren ondarea kudeatzea, eta saihestezina da erantzukizun eta bakardade sentimendu deserosoa sentitzea, “umezurtzak gara jada”, behar bada betiko.
Baina orain eta hemen gaude, eta derrigorrez gogoeta egiten jarraitzen dugu, eta sormenaren bidez gure denbora banako eta kolektibo nahasi honi zentzuren bat bilatzen diogu.
Arteak eta pentsamenduak ezin aldatu dute mundua, baina tresna ona izan daitezke babesturik sentiaraziko diguten espazio zehaztuak eraikitzeko. Eta, asmatutako irudimenezko leku horretatik, beste batzuei gonbitea egiteko, orientazioa galdutako gure egoera hau hobetuko duten proiektu berrien bilaketan parte har dezaten.
Juanen lanak nire ustez abiapuntu hau du: gorputz fisiko abstraktu batek –kuboak– urrezko zenbakiaren arabera zatitzen denean ematen dituen aukerei buruz hausnartzeko asmo adimentsua, matematika oinarrizko baten bidez. Bere lanetik ondorioztatzen da espazioa antolatu eta mugatzeko interesa, eta ikus-arkitektura bihurtzeko, bertan isilune tenkatu eta zirraragarrietan bizitzeko.
Juanek eskaintzen digun “urrezko itsas kurkuiluen” lorategiak, ez du, itxuraz, naturako erreferentziarik. Bere lana, ordea, hausnarketa burutsua da naturako diseinu bakoitzaren baitan dauden proportzio fisiko etengabe eta iraunkorrei buruz.
Kubo baten zatiketak eragin du irudi multzo hau, eta ikus-unitate trinko, sinple eta zehatza eratu du. Beltzaren eta zuriaren erradikaltasunak multzoaren tentsioa indartzen du, eta gure gogoa zati batetik bestera paseatzen da ibilbide isilean, eta gonbidatzen gaitu kontzeptu-sentsazio espazialei buruz hausnartzera, horiek sinpletasun dotoreko iradokizun konstruktibo eta soinudunez beteak direla.
Juanek erakusketa honetan eskaintzen digun matematika eta ikus-lorategi hau toki ona da isiltasunean paseatzeko, eta behar bezalako arreta jarriz gero, “itsasoa entzun” ahal izanen da urrezko itsas kurkuilu hauen bitartez.